Euskal Herria erromatarren garaian
Euskal Herriko historia |
---|
Euskal Herria erromatarren garaian hiru bi probintziatan banatuta egon zen urte gehienetan. Egungo Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiaren parte handiena, Conventus Cluniensis-aren barruan egon ziren eta Pirinioez hegoalderako egungo Nafarroa Conventus Cesaraugustanoan. Bi conventus horiek Tarraconensis probintziaren barruan zeuden. Egungo Ipar Euskal Herria, Akitania probintzian sartu zuren. Hasierako "Akitania" izen zen lurraldea, Garona ibairaino iristen zen gutxi gora behera, baina Akitania probintzia sortu zenean, Loira ibaian jarri zen muga, eta beraz, etnikoki galiarrak eta akitaniarrak zirenak nahastu ziren administratiboki. II. mende amaieratik aurrera, bertako biztanleek hala eskatuta, Akitaniatik berezitu ziren Novenpopulanian probintzia sortuz
Dioklezainoren lurralde administrazioaren aldaketen ostean, Euskal Herri kontinentala Hispania diozesian geratu zen eta Euskal Herri kontinentala Dioecesis Viennensis diozesian, Zazpi probintziak (Septem Provinciae) ere izendatua. Konstantinoren garaian, hainbat diozesi batzen zituzten prefekturak sortu zirenean, aurreko biak, Galien prefekturaren barruan geratu ziren.
Hainbat hiri sortu zituzten erromatarrek, gehien bat aurretik zeuden herrixkak birsortuz, edo herrietako biztanlean toki berri batera lekualdatuz, Pompaelo (Iruñea), Lapurdum (Baiona), Veleia (Iruña-Veleia) eta Oiasso (Irun).
Euskal tribuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Herriak dokumentu zaharretan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Esan ohi da, egun, Euskal Herria den lurraldea, erromatarrekin sartu zela Historian[1].
Kontuan hartu ohi diren idatzizko iturriak eta herri jakin bati edo besteri dagozkion hiri edo biziguneei buruzko datu zehatzak, erromatarren agintaldi beteko autoreek idatziak dira. Horrek esan nahi du gehienak gure aroko I. eta II. mendeetakoak direla. Garai hori, Erromaren administrazio, antolakuntza, txertatze eta hiri eraikitzaile ekinaldi nabarmena da Europa Mendebalde ez Mediterraneoan oro har.
Historiaren ikuspegitik, beraz, ez da zuzena gure aroko I. eta II. mendeetako datu horiek, besterik gabe, konkista aurreko herri edo talde etniko batek zituen mugak ezartzeko erabiltzea, zeren eta egoera ezagun eta jakin batetik hiru edo lau mende lehenagoko egoera ateratzen ari baita. Hala ere, historiografian, iturri latinoak deskribatzen dutena, aurreko etapa bateko errealitatearen isla izatea sinesgarritzat ematen da.
Idazle latindar-grekoak egungo Euskal Herriari buruz idazten hasi zirenean, gutxi gora behera leinu hauek aipatu zituzten: baskoiak (Goi Nafarroa, Bidasoalde eta Zaragozako Cinco Villas), barduliarak (Gipuzkoa gehiena eta Araba mendebaldea eta, ikerlari batzuentzat, Lizarraldea), karistiarrak (Bizkaia eta Araba gehiena), autrigoiak (Bizkaia mendebaldea), beroiak (Arabar Errioxa), tarbeliarrak (Lapurdi eta Behe Nafarroan), eta Suburateak (Akitanian). Bestalde, beste herri batzuk euskaldunak izan ziren edo izan zitezkeela susmatzen da: beste herri akitaniar gehienak, eta Pirinioetako iakatarrak.
Iturri klasikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eremu horri buruzko berriak idatzi zituzten autore latinoak eta Erromaretnzzat idazten zuten greziarrak hauek izan ziren:
- Estrabonek Geographia izenburuko obra idatzi zuen. Bertan agertzen diren datu asko aurreko iturrietatik hartu zituen (Posidonio, Asklepiades eta Artemidoro). Horregatik, egiten duen deskribapena, neurri handi batean, ez dagokio bere garaiari (Augusto eta Tiberioren agintaldiei), eta bai lehenagoko garai bati. Izan ere, Posidoniok K.a. 100. urtearen inguruan ezagutu zituen Galia eta Iberia dira bertan azaltzen direnak. Nolanahi ere, konkista ondoko berriak ere eskaintzen ditu.
Estrabonek honakoa esaten zuen garai hartan euskaldunei buruz:
« |
Menditar hauek neurrikoak dira guztiak. Ez dute ura baizik edaten, eta lurrean egiten dute lo. Adats luzea eramaten dute emakumezkoen erara, nahiz eta gudukatzeko orduan zirrindara batez lotu kopetean. Aker-okela jaten dute gehien bat. Aresi sakrifikatzen dizkiote akerrak, baita gatibu eta zaldiak ere. Biktima-espezie bakoitzeko hekatonbeak egin ohi dituzte, greziarren usadiora, eta Pindaroren eran esateagatik, “espezie bakoitzeko, ehuneko bat inmolatzen dute”. Tropa arin, hoplita eta zaldizkoentzat lehiaketak antolatzen dituzte halaber, pugilatu, lasterketa, guduxka eta zelaiko konbaterako trebatzen. Menditarrak urtearen lautatik hirutan ez dira ezkurrez baizik elikatzen: ihartu eta birrindu ondoren, irin bihurtzen dituzte, denbora luzez irauten duen ogi moduko bat egiteko. Arruntki garagardoa edaten dute, inoiz gutxitan ardoa, eta lortzen duten urria, berehala ahitzen da, senideen arteko orritsetan. Olioaren ordez gurina erabiltzen dute. Eserita egiten dituzte euren oturuntzak: kide bakoitzari pareten luzeran eraikitako eserlekuetan toki bana gordetzen zaio, bertan adinaren eta duintasunaren arabera lerrokatzen direlarik; gero, janariak eskuz-esku pasarazten dituzte. Edaten hasi orduko, gizonezkoek dantzari ekiten diote, orain goraka jauzi eginez eta belauniko eroriz, arteka. Bastetanian emakumezkoak ere dantzatzen dira gizonezkoekin nahasian, elkarri aurpegia emanez, eskutik helduta. Gizonezkoak beltzez jantzita ibiltzen dira guztiak, gehez jantzita ibiltzen dira guztiak, gehienek sagos delako daramatelarik. Honetaz estaltzen dira lo egiteko ere beren lastozko etzantzetan. Keltatarren antzera, argizarizko ontzietaz baliatzen dira. Emakumezkoek arruntki soingainekoak eramaten dituzte eta kolore biziez brodaturiko soinekoez janzten dira. Herri batzuk, moneta gisa, (…) baliatzen dira; oso barrukaldean aurkitzen direnek, aldiz, produktuen trukea praktikatzen dute, edota zilarrezko xaflak ematen ebakita ordain bezala. Hiltzera zigortuak amildu egiten dituzte, eta parrizidak harrika hiltzen, baina mendi eta iturburuetatik kanpo. Ezkondu, greziarren antzera ezkontzen dira. Eriak, antzina egipziarren artean egiten zen legez, bideetan jartzen dituzte, lehenago eritasun bera nozitu dutenengandik tratamendu aholkuak jaso ditzaten. Brutusen konkista aurretik, larruzko txalupetaz baino ez ziren baliatzen itsas gorak uzten zituen lakuak eta zingirak zeharkatzeko; orain, ordea, apenas ikusten diren zuhaitz-enbor batez egindako piraguak ere. Beren gatza kolore gorrikoa da, baina, ehotuz gero, zuri bihurtzen da. Halan bizi dira, esan bezala, menditar horiek, alegia. Iberiako ipar itsasaldean kokaturiko horiek hots: Callaici direlakoak, Astureak eta Kantauriarrak, Baskoinen lurralde eta Pirineoraino, guztiak bizimolde berekoak baitira. Ez naiz herrion zerrenda luzeagotzen arriskatuko, izenen transkribaketak suposatuko lukeen asperrari amore emanez; izan ere, nori suerta dakioke atsegin, Pleutauroi, Bardietes, Allotriges eta antzeko beste zenbait izen oraindik itsusiago eta ezezagunagorik entzutea? Beren zakartasun eta basatitasuna ez zaizkie zor beren gerra-ohiturei soilik, baita beren urruntasunari ere, zeren lur horietara daramaten bideak luzeak baitira, eta harreman zailtasun honek galerazi baitie soziabilitate eta gizatasun guztia. Halere, gaur egun gaitza ez da hain larria, bakeari eta erromatarrekin duten eguneroko tratuari esker, nahiz eta bi abantailok eman ez direneko tokietan izakera uzu eta basatiagoa mantentzen den. Ulertzen da, bestalde, lurralde hauen urrunari eta mendien presentziari darraion premia horrek izan duela zerikusirik ohituren bitxikeria hori areagotzeko orduan. |
» |
—Estrabon[oh 1] |
- Tito Livio (K.a. 59 - k.a. 17) ) Ab urbe condita izenburuko obra garrantzitsuaren autorea izan zen, zatika besterik ezagutzen ez dugun arren. Estrabonen garaikidea izan zen eta, besteak beste, Posidonio eta Polibio izan ziren Tito Livioren kontakizunen iturri. Konkistaren eta lurralde horietako hasierako hiri antolaketaren inguruko datu garrantzitsuak ematen ditu.
- Julio Zesarrek (K.a. 100 - K.a. 44), Erromako jenerala zela, bi obra idatzi zituen: Galia konkistatzeko gerraren ingurukoa bata (De Bello Gallico, Galiako Gerraz) eta Hispanian Ponpeioren aurkako borrokei buruzkoa bestea (De Bello Civile, Gerra Zibilaz). Bi gerretan esku hartu zuen, eta Erromaren etorrerari eta konkistari buruzko datuak eskaintzen ditu.
- Ponponio Mela Hispaniako hegoaldean jaio zen K. o. I. mendearen erdialdean. Klaudioren garaietan Chorographia izenburuko obra idatzi zuen, baina Estrabonen kasuan bezala aurreko iturriez baliatu zen.
- Plinio Zaharrak procurator kargua izan zuen Hispania Citerior Tarraconense izeneko probintzian, Vespasianoren garaietan. Naturalis Historia izenburuko obran K.o. 22-K.o. 14 urteei dagokien probintzien zerrenda ematen du. Haren erreferentzietako asko aurreko aldi bati dagozkio (Agripa eta Varroni hartuak), baina geroagoko informazioak ere erabiltzen dituela. Horrenbestez, nahasketa sortzen da hamarnaka urteko aldea dagoelako zenbait informazioren artean.
- Klaudio Ptolomeo, Alexandriako geografoak Geographia izeneko obra idatzi zuen K. o. II. mendearen erditsuan. Toki izendegia da, eta toki horiek dagozkien latitude eta longitude koordenatuetan daude kokaturik. Ordurako gauzatua zuen Erromak bere administrazio antolamendua. Autore honek Erromako probintziez eskaintzen dizkigun berriak etnia izenen zerrendak eta dagozkien hiriek osaturik daude.
Konkista aurrera joan ahala eta erromatarrek beretutako lurraldeetan denbora gehiago pasa ahala, herrien kokalekuak hobeto ezagutuz zihoazen, eta haien xehetasun handiagoko deskribapena egiten zuten.
Herrien izenak eta kokapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Julio Zesarrek bere Galiarren Gerlari buruzko liburuan, hau idatziz zuen:
Gallia est omnis divisa in partes tres, quarum unam incolunt Belgae, aliam Aquitani, tertiam qui ipsorum lingua Celtae, nostra Galli appellantur. 2 Hi omnes lingua, institutis, legibus inter se differunt. Gallos ab Aquitanis Garumna flumen, a Belgis Matrona et Sequana dividit. 3 Horum omnium fortissimi sunt Belgae, propterea quod a cultu atque humanitate provinciae longissime absunt, minimeque ad eos mercatores saepe commeant atque ea quae ad effeminandos animos pertinent important, 4 proximique sunt Germanis, qui trans Rhenum incolunt, quibuscum continenter bellum gerunt. Qua de causa Helvetii quoque reliquos Gallos virtute praecedunt, quod fere cotidianis proeliis cum Germanis contendunt, cum aut suis finibus eos prohibent aut ipsi in eorum finibus bellum gerunt. 5 Eorum una pars, quam Gallos obtinere dictum est, initium capit a flumine Rhodano, continetur Garumna flumine, Oceano, finibus Belgarum, attingit etiam ab Sequanis et Helvetiis flumen Rhenum, vergit ad septentriones. 6 Belgae ab extremis Galliae finibus oriuntur, pertinent ad inferiorem partem fluminis Rheni, spectant in septentrionem et orientem solem. 7 Aquitania a Garumna flumine ad Pyrenaeos montes et eam partem Oceani quae est ad Hispaniam pertinet; spectat inter occasum solis et septentriones[3].
Zeina Koldo Larrañaga historialariak honela itzultzen duen[4]:
Galia bere osotasunean, zatituta dago hiru partetan, beraietatik batean Belgiarrak, bestean Akitaniarrak, hirugarrenean Keltarrak beren hizkuntzan eta gurean Galiarrak deritzanak bizi direlarik. Horiek denak elkarrengandik desberdinak dira hizkuntzaz, usadioz eta legez. Galiarrak Garona ibaiak bereizten ditu Akitaniarrengandik, Marne-k eta Sena-k Belgiarrengandik. Belgiarrak hartzen dira haien artetik saiatuentzat, beraiek bait dira urrutien mantendu direnak probintziako kultura eta gizateriatik, eta beraiek dira ere traturik gutxien dutenak merkatariekin -horiek dira adoreak ematzen eraginik handiena duten gauzák eman diezazkietenak- eta Rhin baino areago bizi diren Germaniarrengandik hurbilen daudenak, eta hauekin etengabeko gerran ari dira. Arrazoi honegatik Helvetiarrek ausartzian ere abantailatzen dituzte Galiarrak, eta ia eguneroko borroketan gudukatzen dira Germaniarrekin, dela berauek haien lurraldea inbaditzen dutelako, dela hauen mugetara gerra eramaten dutenak beraiek direlako. Parteetako bat -Galiarrei dagokiela esan dena- Rhodano ibaian hasten da eta Garonarekin, ozeanoarekin eta Belgiarren mugaldearekin muga egiten du; Rhin ukitzen du -sequani direlakoen eta Helveti-arren alderditik -, eta iparralderantz itzultzen da. Belgiarrak Galiako azken mugetan hasten dira, hedatzen dira Rhin-en beheko alderaino, eta iparraldera eta sortaldera begiratzen dute. Akitania Garonatik Pirinioetaraino eta Hispania aldera dagoen ozeanoko parteraino hedatzen da; sortaldea eta iparraldearen tartera begiratzen du.
Antzinako iturriei fede emanez gero, populi gisa azaltzen diren gizataldeen mendeko eremuak txikiagoak ziren Pirinioez iparraldean (Estrabonek herri txikiez dihardu), hegoaldean baino. Horren arrazoia, batetik, herrien beren bilakaera historikoa izan daiteke, eta bestetik, erromatarrek lurraldea antolatzerakoan izan zuten jokaera desberdina.
Pirinioez iparraldean akitaniarrak zeuden eta, haien artean, Pirinioetatik eta Aturri ibaitik hurbilen zeuden Akitaniako bederatzi herri historikoak hauek dira Zesarren narrazioaren arabera (BG, III., 26-28):
- iluronenses (Oloroe), Zesarrek aipatzen ez dituenak;
- tarbelli edo tarbeliak (Akize), goi inperioko iturrietan aquenses direlakoak;
- bigerri (Tarbe), Zesarren bigerriones edo Plinioren begerri zirenak;
- convenae (Saint-Bertrand-de-Comminges), goi inperioan beren lurraldean kolonia bat zutenak, Lugdunum;
- tarusates (Aire-sur-l'Adour)
- elusates (Eauze) .
Aurrekoei beste zenbait erantsi behar zaizkie, Euskal Herriko lurraldetik aski urrunekoak[5]:
- benearnenses edo venearni (Leskarre), Biarnon;
- consoranni (Saint-Lizier), Pirinioetatik hurbil, baina Garona ibaiaren iturburu aldean zeudenak;
- auscii (Auch);
- lactorates (Lectoure), Garonatik hurbil zirenak, ibaiaren erdialdeko ibilguan eta eskuineko ertzean
- vasates edo vocates (Bazas), eta
- boiates, kostaldetik hurbil, Garonaren estuarioaren hegoaldean.
Hegoaldeaz ari garela, nabarmendu beharra dago jatorrizko baskoi leinua izenekoari dagokionez, gizatalde horiei buruz egindako lanek, klasikoek bideratu dituzten datu geografiko eta historikoetan oinarriturik, modu orokorrean, kantauriar eta baskoi hitzak modu orokorrean erabiltzen dituztela lehen momentuan. Hala, penintsulako iparraldean, mendebaldetik ekialderaino, Pirinioen hasieraraino, herri hauek kokatu zituzten: galaikoak, asturrak eta baskoiak, edo galaikoak, asturiarrak, kantauriarrak eta baskoiak. Eta baskoi talde hori, autrigoi, karistiar, barduliar eta baskoiek osatzen zuten. Hirugarren aldian, beste autore batzuek kantauriar edo baskoi taldeetatik kanpo sailkatzen dituzte autrigoi, karistiar eta barduliarrak, batzuk eta besteak bereiziz.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurraldean, Ptolomeoren datuen arabera, autrigoiak mendebaldean zeuden, karistiarrak erdialdean, barduliarrak egungo Euskal Autonomia Erkidegoko ekialdean, eta beroiak (berones) Arabako Errioxan ziren. Baina ez dira beti horrela agertzen. Ptolomeoren datuak ez datoz bat Estrabon, Mela eta Pliniok, besteak beste, ematen dituztenekin. Estrabonek eta Melak kostaldeaz egiten duten deskribapenean autrigoiak bertan kokatu ez zituztenez, garai hartan (K. o. I. mendea) eta aurreko garaietan ere, horiek barnealdean bakarrik zeudela ondorioztatu dute, eta ondoko garaietan bakarrik (Pliniok eta Ptolomeok hala jasotzen dute) izan zituztela kokalekuak kostaldean.
Baina ez da hori azalpen bakarra, zeren eta Kantabria izen orokorra izan zitekeen hasieran, eta kantauriarren aurreneko leinu nagusi haren barneko borrokek zatiketak ekarri gero. Bestalde, herrien berri ematerakoan ageri diren hutsune horiek Iberiar penintsulako Iparraldeko topografia etnikoaren ezagupen eskasagatik ere ekar zitekeen. Plinioren bidez, halaber, autrigoiek K. o. I. mendearen bigarren erdian kostaldean kokaturik zeudela jakin dugu.
Plinio karistiarrak aipatzen dituen lehen autorea ere dugu. Conventus cluniensis delakoa deskribatzerakoan, carietes eta vennenses izenekoak aipatzen ditu, beren mendean bost hiri dituztenak, Veleia haietako bat. Carietes horiek eta Ptolomeoren karistiarrek (II., 6, 8 eta III., 6, 64) jende bera izan behar dute. Carietes-ak epigrafia iturrietan ere agertzen dira, cohors carietum et veniaesum (cohors, erromatar gudarostearen laguntza taldea zen) baten aipamena egiten duen idazkunean. Carietes horiek aipatzen diren hiru aldietatik bitan, vennensesekin batera agertzen dira. Horrela azaltzeak bi taldeon hurbiltasun etnikoa iradokitzen du, eta hori beste zenbait datuk berretsia dela ematen du. Pliniok ez ditu bi taldeak bereizten dagozkien civitatesen kopurua aipatzerakoan, bost guztira. Gainera, askotan auzoko edo elkarren ahaide ziren bi talderekin osatzen zituzten laguntza talde horiek.
Vennense haiek, karistiarren auzoak hegoaldetik, egungo Arabako probintzia gehiena okupatu behar zuten, Ebrorainoko guztian. Iturrietatik ondoriozta daitekeenez, carietes eta vennenses horien artean hurbiltasun handia zegoen, eta litekeena da gure aroko I. eta II. mendeetan zehar bien arteko batasun prozesua gertatu izana.
Egile modernoek pentsatzen dutenez, eremu horretako herriek muga eta zabalera aldakorrak izan zituzten erromatarrak etorri aurretik, baita erromatarrak iritsi eta egon zireneko lehen hamarraldietan ere. Alabaina, ez dirudi Estrabonen iturrien denboratik Ptolomeoren garaira herri haiek lekuz aldatu zirenik. Egokiago litzateke, agian, eztabaida horren objektu nagusi diren autrigoi, karistiar eta barduliarrei buruzko ezagutza geroz eta hobea izango zutela klasiko haiek, ezagutza hori ez baita jaso iturri idatzietan, ez zuzenean ez zeharbidez. Eta ez dirudi, behin lurralde horiek erromatarren praxi politiko-administratiboaren barnean gertatu ondoren, herri autoktonoen kokatzean aldaketa garrantzitsuak gertatu zenik. Alabaina, litekeena da karistiarrek, vennenses-en kaltetan, beren lurraldea hedatzea I. mendearen (Pliniok aipatzen ditu) eta II. mendearen artean (Ptolomeok jadanik ez ditu vennenses herria aipatzen).
Baskoi historikoek, Antzinateko iturrien arabera, K. o. II. mendean eremu hau okupatzen zuten: Gipuzkoako ipar-ekialdeko muturra, egungo Nafarroa eta Ebro ibaiaren eskuineko ertza egungo Errioxako Autonomia Erkidegoaren lurraldean (Calahorratik Alfarora), Huescako mendebaldeko zati bat (iaccetani, Jaka hiriburu zutenak) eta Cinco Villas, ia Zaragozaraino. Ez dakigu, erromatarrak etorri aurretik, jatorriz zein zen haien mendeko lurraldea, baina itxuraz K.a. II. eta I. mende bitartean hedatu egin zuten lurralde hori beste zenbait herriren mendeko lurraldearen kaltetan: iaccetani (data ezin zehaztu), suessetani (87. urtean jadanik allavonenses (Alagon) baskoi gisa azaltzen ziren idazkun batean), eta berones zeltiberiarraren zati bat (Calahorra aldea), Sertorioren gerra gertatu eta zeltiberiarrena zen Calahorra suntsitua izan ondoren.
Litekeena da ustezko hedapen hori Erromaren jardueraren beste ondorio bat izatea, besterik gabe, herri batzuen lankidetzaz eta haien neutraltasunaz baliatu zirelako, batez ere zeltiberiarrei gudu egiteko.
Herrien arteko mugak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Herrien (populi) kokapena eta lurralde eremua zehaztea, historialari klasikoen artean eztabaida luzerako eman du, eta oraindik ere, ez dago adostasunik. Gai hori askoz gehiago landu da penintsulako herrien kasuan, eta garrantzi gutxiago eman zaio kontinenteko euskal populien kasuan.
Antzinako herriez ari garela, zaila da haien mugak zehaztea, zeren eta kultura materialari buruzko datuek, beren izaeragatik eta berez, ez baitute erantzun garbirik ematen. Horregatik, literatura iturrietara (denek ezagutzen ditugun zehaztasun arazoekin), epigrafia iturrietara eta baita, zenbaitetan, hizkuntza eremuen banaketak ematen dituzten datuetara ere jo behar da. Baina, kasu askotan, egungo hizkuntza eremuen hedadurak ez du zerikusi handirik erromatarren aurreko errealitate etnikoarekin eta, bestalde, Antzinaroari dagokionean, ez da zuzena herria = hizkuntza = kultura materiala ekuazioa proposatzea.
Horregatik, bidezko gauza dirudi herri horien arteko mugen inguruko erreferentzia garbiz osaturiko sail bat finkatzea.
- Autrigoien eta karistiarren arteko muga
Erreferentzia-puntu hauek hartu behar dira: Nerbioi ibaiaren bokalea eta ibaia bera Urduña haraneraino eta Baia ibaiaren ibarreraino, Trebiño toponimora (Trifinium) iritsi arte, Portillo mendialdetik berriro Ebrora atereaz.
- Karistiarren eta barduliarren arteko muga
Iparraldean, karistiarrek Nerbioi eta Deba ibaien arteko kostaldea okupatzen zuten. Hauek dira barnealdeko erreferentzia puntuak: Azkarateko mendatea eta Bergarako mendebaldeko aldea, Aizkorri mendialdea, Elgea mendialdea eta Arlaban mendatea, gero Arabako lautada zeharkatuz, sortaldean Dulantzi (Tullonium. Ptol. II., 6, 65) eta sartaldean Arkaia (Suestatium. Ptol. II., 6, 64) alde batera utzita, Trifiniumera (Trebiño) iritsiz.
- Barduliarren eta baskoien arteko muga
Barduliarren mendeko kostaldea karistiarrekiko muga zen Deba ibaiaren bokaletik, baskoiekiko muga zen Urumea eta Oiartzun ibaietako uren banalerroraino heltzen zen. Muga honek, gainera, Cesaraugustanus eta Cluniensis conventus (barruti juridikoak ziren conventus-ak) arteko mugarekin bat egiten du alde horretan. Baskoien lurraldean eta iparraldetik hegoaldera, erreferentzia puntuak hauek dira: Oeasso (Irun), Estrabon, Plinio eta Ptolomeok aipatua, Aracaeli, 34. bideko (Astorgatik Bordelera) mansio bat, Albatik XXI miliara, eta Pliniok (NH III., 26) eta Ptolomeok (II., 6, 9) barduliarrena dela diotena, Uharte-Arakilekin identifikatu da, eta Curnonium, Erdi Aroko Cornoinorekin identifikatua, Mendavia ondoan, Ebroaren ezkerreko ertzean.
Ez dirudi Arabaren eta Nafarroaren arteko gaurko muga antzinako barduliarren eta baskoien arteko muga zenik, baina Burunda, Lana ibarra, eta Ega ibaiaren goi ibilgua eta Arabako ekialdea, herri berarenak zirelako ideia ez da alde batera uztekoa.
Erromatar idazkunen azterketak agertarazi duenez, Nafarroako mendebaldeko hilarriak eta Arabako sortaldekoak estu loturik daude, apainketaren eta onomastikaren ikuspuntutik. Alderdi horretan hilarriak egiteko lantegiren bat izateak forma antzekotasunak argi ditzake, baina onomastikako antzekotasunak ezin dira hain erraz azaldu. Hortaz, zilegi litzateke eskualde horiek barduliarren lurraldearen barne zeudela pentsatzea. Hala beraz, barduliarren lurraldearen barnean leudeke: Nafarroako Burunda Etxarri Aranatzeraino, Lana ibarra (Gastiain, Ulibarri, etab.) eta Egako goi ibarra (Aguilar Kodes, Marañon).
- Autrigoien eta barduliarren hegoaldeko muga, beroiekin
Geografiaren eta arkeologia datuen arabera, autrigoiek eta barduliarrek beroiekiko zuten muga hegoaldetik, Toloñoko mendilerroa zen (hesi naturala). Beroi horiek, beraz, Arabako probintziaren hegoaldea, hau da, egungo Arabako Errioxa okupatzen zuten (muga proposamen honen arabera, Trifinium autrigoi, karistiar eta barduliarren mende uzten da), nahiz eta zenbaiten ustetan muga hori Ebro ibaiaren ubideak markatu behar zuen.
- Baskoien eta beroien arteko hegoaldeko muga
Ez da muga bera K.a. I. mendean (Sertorioren gerrak) eta K. o. II. mendean (Ptolomeoren berriak). Ez dirudi Ebro ibaia inoiz berezko hesia izan denik. K.a. I. mendean Alfaro baskoia zen, baina ez Calahorra, hura 70. urteetan hasi baitzen baskoi izaten (edo batzuen rabaera, baskoi izatera ituzli zen), Sartorioren gerran suntsitua gertatu ondoren.
K. o. II. mendean Calahorra, Alfaro eta Cascante hirietako lurraldeek ezarriko zuten Ebroko hegoaldeko muga, Alagon hiria ere (Zaragoza) barne zegoela.
- Baskoien eta iberiar herrien arteko muga ekialdean
Jakari dagozkion lurraldeak, Huesca eta Zaragozako hego-mendebaldeko mugak eta K. o. II. mendean baskoiak ziren Cinco Villas delakoak markatzen dute muga hori. Antza denez, Gallego ibaiak muga funtzioa zuen.
Euskal identitatearen eztabaida
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ez dakigu ziurtasunez bertan bizi ziren leinu guztiek aitzineuskara hitz egiten ote zuten. Egile batzuen arabera, leinu horiek guztiak euskaldunak ziren, toponimiak eta onomastikak adierazten duten bezala[7]. Beste ikerketa batzuen arabera, egoera korapilotsuagoa zen: beroiak zeltak ziren, baina ez zeltiberiarrak[8]. Ikerketa batzuen arabera, autrigoiak ere zeltak zirela uste da, haien hiri batzuen -briga amaiera dela eta[9][10], adibidez Deobriga[11]. Karistiarren hiri nagusiak Iruña-Veleia, Suessatio eta Tullica ziren; azken honen eta beste 55 toponimoren etimologia indoeuroparra da, baina ez zelta. Hainbat ibairen izenek ere etimologia bera dute[12]. Barduliarrak zer ziren eztabaidan dago: kantauriar, zelta, zeltiberiar[13] edo baskoien[14] ahaide ziren ez dago argi, baina euren toponimoen izenak indoeuroparrak ziren[11][15], eta Julio Caro Barojaren arabera izena bera ez zen euskalduna[16]. Azken hiru leinu hauek batzen ziren lekuari Trifinium izena jarri zioten, gaur egungo Trebiñu. Bertan gutxi dira euskal jatorriko toponimoak[10]. Talde horiek zeltak baziren, edo hizkuntza zelta baten eragina izan bazuten, ez ziren gaur egungo euskal lurraldeetara K.a. 800. urtea baino lehen iritsi, Hallstatt kulturari lotuta[17][18]. Hau da, herri horien aurretik eremu horretan euskararekin harremana zuen hizkuntza bat hitz egiten zuten biztanleak izatea aukera bat da[19]. Baskoien eta akitaniarren izenetan badago euskarazko oinarria[20], baina ez guztietan: ager vasconum eskualdean, Tafallatik behera, oso urriak dira euskarazko toponimo zaharrak[10]. Akitaniarrekin harremana zuen beste euskal tribu bat iakatarrak ziren, euren hiriburua Jakan zegoen eta Osca (Huesca) eta Ilerda (Lleida) hirietaraino iritsi ziren garai ezberdinetan[21][22].
Erromatarren konkista eta kolonizazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erromak lurraldeok beretu zitueneko prozesua Hispaniaren (Iberiar penintsula) eta Galiaren (egungo Frantzia baino gehixeago) konkista zabalaren barne ulertu behar dago.
Ebroko erdialdeko harana
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erromako gudarosteek, Bigarren Gerra Punikoa zela eta, K.a. 218. urtean Empúriesen lehorreratu ondoren, aski goiz menderatu zituzten Behe Ebrotik Zaragozarainoko herriak. Izan ere, ez zuten erresistentzia handirik aurkitu, eta Ebroren sakonunea izan zen Hispaniako operazio militarren gune nagusia.
Haraneko herrien zatiketa aprobetxatuz, K.a. 178. urte inguruan burutu zuen Erromak erdialdeko haraneko konkista, Tiberio Sempronio Grakoren bidez. Ezkerreko ertzean zehar gehiago aurreratu ziren K.a. 218tik K.a. 195era, bertako erliebea hain malkarra ez zelako, eta bertakoen eta erromatarren arteko harremanak areagotuz eta sakonduz joan ziren. Erromatarrek Ilurcis izena zuen bertako hiriaren lekuan Alfaro hiria (Gracchuris) eraikitzerakoan, konkista aldia itxi egin zen, eta Ebroko haranean bi komunitate desberdin elkarrekin bizitzeko lehen saioa abiatu zen. Grakoren ekintzaren ondorioz, bezeriak moldatzen hasi ziren, ondoko aldian haran horretan oso garrantzitsuak izango zirenak.
Ilurcis izeneko hiri hura, erromatarrak iritsi aurretik iberiarra zena, Grakoren ekintzaren ondoren baskoitzat hartzea arrazoizkoa dela ematen du. Izan ere, hori zen estrategiaren ikuspegitik egokiena, zeltiberiarrak erabat konkistatu ez zituztenez, komunikabide lotunea kontrolpean edukitzeko eta zeltiberiarren aurkako gotorleku gisakoa izan zedin. Hala, Sertorioren gerran, hiri horrek Pompeioren alde jokatu zuen, Sertorioren aldeko Calagurris zeltiberiarraren aurka.
Oso goizetik ekin zion Erromak Ebroko haranaren ustiakuntza sistematikoari, hiru era hauetara: gari kopuru handiak bidaltzen zituzten Erromara, jeneralek zilarra bideratzen zuten kopuru handitan Erromara, argentum oscense izen adierazkorra ematen ziotela, eta gero eta gehiago biltzen zituzten bertan soldatapeko gudariak.
Etorkin italikoak edukiz beti kolonietan, lurraldeen oinarri ekonomikoak aldatzen lagundu zuen Erromak. Ebroko Graccurris, Guadalquivirreko Italica, hegoaldeko kostaldeko Carteia hiriez gainera, estatus juridiko berezirik gabeko beste zenbait herrigune ere baziren. Haietan guztietan bilduz zihoazen etorkinek harreman estuak zituzten herri autoktonoen gizarte maila nagusiekin, gerora tokiko oligarkiak izango zirenak osatuz.
Ebroko erdialdeko haranean gertaturiko bigarren borrokaldi garrantzitsua Sertorioren gerra izan zen. Erromako nobilitas banatua zegoen bi alderdien (optimates eta populares) arteko guda zibilek, bi aldeetako erromatar asko erakarri zituzten Hispaniara, eta hispaniarrak Italiar penintsulako egoerarekin harremanetan sartzen hasi ziren. Bereziki adierazgarria da Ascolumeko gertakaria: Ponpeio Estrabonek, Zesarren etsaia izango zen Ponpeio Handiaren aitak, erromatar hiritartasuna eman zien hogeita hamar zaldun iberiarri K.a. 89. urtean. Jatorriz Ebroko erdialdeko haranekoak ziren, eta Turma Salluitana izenekoan zeuden gudari. Harrezkero, K.a. II. mendeko bezeria zaharrek bide ematen diete Pompeioren aldeko bezeria berriei.
Ebroko haranean, gudu zibil horien funtsezko aldia Sertorioren eta Ponpeioren arteko aurkakotasunari dagokio. Orduan deitu zieten erromatarrek lehen aldiz bertakoei beste erromatarren aurka joateko, ez beste talde autoktonoen aurka. Sertoriok lotura estuak zituen haraneko herriekin, bertan egona baitzen Erromatik erbesteratu zutenean. Goi mailetako erromatarren eta bertakoen haurrei irekitako eskola famatu bat sortu zuen Huescan. Ponpeiok, berriz, bere aitak hiritartasuna emana zien zaldun haien sorlekuetan bildu zituen aliatuak, eta baskoiekin aliatu zen. Baskoiak burujabeak ziren ordu arte, baketsuak eta Erromaren aurka jazarri ez zirenak. Ponpeiok Pompaelo hiria sortu zuen (K.a. 75. urtean), Sertorioren mendeko eremutik kanpo eta kokagune pribilegiatua zuena, behar izanez gero, Ponpeioren gudarosteak Akitaniatik hornitu ahal izateko. Hiri hura lehendik zegoen beste baten ondoan eraiki zen, eta bere jeneralaren izena hartu zuen, Hispanian ohi zen bezala. Ponpeiok (optimate) irabazi zuen, baina iberiar sakonuneko jendeak Sertoriori zion fideltasunak azkeneraino iraun zuen, ez bakarrik Oscan (Huesca), baina baita zeltiberiarrena zen eta erraustu zuten Calagurrisen (Calahorra) eta Tutelan (Tutera) ere, garaituak izan arte luzaro setiatu behar izan baitzituzten.
Ekintza horiek gauzatzen ziren aldi berean, italiar kolonoak kokatu bide ziren haraneko hirietan. Gertakari hau, beti ere, egiaztatzen zaila da, ez baitago erreferentzia zuzenik, salbu eta Graccuris eta Pompaelori dagokienez. Alabaina, zeharkako datu batek gertaera hori ondorioztatzeko bidea ematen du: Ilerdako (Lleida) guduan (Zesarren eta Ponpeioren artean), K.a. 49. urtean, eskualdeko 6.000 kolono beren familia eta bezeroekin etorri ziren Zesarrekin bat egiteko (Zesar, De Bello civile I., 60).
Ponpeio eta bere semeen eta Zesarren arteko etsaitasuna bi taldeon bezeroengan eragin zuen. Hura izan zen gerra zibilaren azken atala. Zesar irten zen garaile. Armetan zeuden gudari eta gudari zahar ugariri bizilekua eman eta haien artean lurrak banatu beharrak fundazio sail bat ekarri zuen, Ebroko behe haranean. Zesarrek erromatar hiritartasun eskubidea eman zion Celsari (Velilla de Ebro), eta kolonia mailara igo zen K.a. 42. urtean. Dertosak (Tortosa) ere kolonia estatutu hori beretu zuen, zehaztu gabeko datan. Azkeneko fundazioa, eta garrantzitsuena, colonia inmunis Caesaraugusta (Zaragoza) izan zen K.a. 24-K.a. 23. urtean, Octavio Augustok egina, Kantabriako frontean esku hartu zuten legioekin. Hori ere antzinako hiri baten gainean (Salduie) eraiki zuten.
Iturrien datuengatik ezin dugu jakin noiz arte izan ziren independenteak baskoien eta kantauriarren (barduliar, karistiar eta autrigoien) arteko lurraldeak. Azken horiek, autrigoiak gutxienez, erromatarren mendean bide zeuden Kantabriar Gerrak hasi zirenean (K.a. 27. urtea), zeren eta Floro historialariak (II., 33, 47) gerra horiek abiatzeko ematen dituen arrazoietako bat zera da, kantauriarrek maiz bakzeo, turmodigo eta baita autrigoien lurraldeetan ere egiten zituzten erasoak.
Eskualde honetako herriek jasandako beste porrot bat ikusi nahi izan da Zesarren pasarte batean (De Bello Gallico III., 23). Bertan kontatzen denez, Zesarren erasoa jasaten zuten akitaniarrek ordezkariak bidali zituzten Hispania Citerior probintziara laguntza eske. Zesarren bigarrena zen Publio Lizinio Krasok garaitu zituen, eta "erromatarren aurka bildu ziren 50.000 akitaniar eta kantauriarretatik, laurden batek bakarrik salbatu zuen bizia".
Akitania
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Galiaren konkista Hispaniarena baino azkarragoa eta gorabehera gutxiagokoa izan zen. K.a. 125. urtean (Hispaniako bi probintziak sortu eta hirurogeita hamar urte geroago) Narbonensis probintzia sortu zuten erromatarrek hegoaldeko muturreko lurraldean. Bigarren konkista unea Julio Zesarren jarduerarekin lotua dago. K.a. 49. urtearen amaieran, Zesarrek Galian oraino burujabe zen lurraldea (Gallia Comata) beretzea erabaki zuen, bere kontakizunaren arabera (De Bello Gallico I.,1) hiru zati zituena: Aquitania, Gallia Celtica eta Belgica.
Baina ez zuen Erromak konkistatu Galia, Zesarrek berak baizik. 43 urte zituela, Zesar populares taldeko buruzagietakoa zen, eta kontsulatu gogoangarri bat amaitu berria bazuen ere, karrera militarra aski iluna zuen, batez ere bere arerio nagusiak (Pompeiok) egina zuen ibilbide ospetsuarekin alderaturik. Hala, beraz, aginpide militarraren premia zuen iritzi publikoaren aurrean sendo agertu, finantza baliabide autonomoak lortu eta bere konfiantzazko indar armatua eratzeko. Galiaren konkista, hartara, Erromako barne politikako arazo bilakatu zen.
K.a. 56. urtean, Labieno, Zesarren ondokoak, menderatu berria zuen Atlantiko aldeko Galia (Akitania barne). K.a. 50.ean, Galiako azken erresistentzia guneak garaitu zituen Zesarrek eta, harrapakin ondasunez aberasturik, omen handiaren jabe zela, Erromako aginpidea konkistatzeari ekin zion. Zesarrek, konkistari begira, K.a. 46 eta K.a. 45ean bildu zuen gudaroste handiarekin, helburu hirukoitza erdietsi nahi zuen: gudari zaharrak kokatzea, herrialdea okupatzea eta erromatartze prozesuari ekitea.
Horrek Zesarren pertsonari atxikia zegoen bezeria handia bildurik jarraitzea bideratu zuen. K.a. 118. urtean, lehengo Narbonako kolonia (Colonia Narbo Martius) fundatua zen, eta beste zenbait kolonia berri sortu zituzten hegoaldean, Béziers (Baeterrae), Fréjus (Forum Julii), eta Arlesen (Arelate). Beste zenbait gudari Orange (Arausio) eta Valencen (Valentia Julia) kokatu ziren, hots, gero Augustok kolonia mailara igo zituen guneetan. Hiriak handitu eta lur sailak birmoldatu egin zituzten.
K.a. 39. urtean, Agripak, Augustoren suhi eta ondokoa zenak, Gallia Comatako gobernari zelarik, azpiegitura administratibo eta materialaz hornitu zuen Galia, Lyondik (Lugdunum) lau norabidetara zabaltzen zen bide sistema barne: Mediterraneo aldera, hegoaldetik; Mediolanum Santonum (Saintes) aldera eta Galia Akitaniara, mendebaldetik; Mantxako kanalera, Amiensen zehar, ipar-mendebaldetik, eta Rhin aldera, ipar-ekialdetik.
Baina baziren oraindik erresistentzia gune batzuk. K.a. 39. urtetik aurrera, Agripak hego-mendebaldean akitaniarren aurka eta ipar-ekialdean iparraldeko belgikar leinuen aurka borrokatu behar izan zuen, bide sare hartako ardatz nagusietako bi defendatzearren. Hamar urte geroago, baziren oraindik matxinadak, baina M. Valerio Mesalaren kanpainek azkena eman zioten akitaniar herrien erresistentziari. Erabatekoa zen Erromatar Bakea.
Barkoxeko altxorra edo altxortxoa[oh 2], XIX. mendean, Barkoxen aurkitutako txanponen multzoa da. Ebro arroko txanponen multzo garrantzitsuenetakoa da, eta gertu ditu protohistoriako hainbat gazteluzar.[23]
Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Goi Nafarroaren iparraldea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ez dakigu ziur noiz konkistatu zituzten penintsula barruan dauden lurralde horiek erromatarrek, ez baita erromatar testuetan aipatzen, baina uste da, Kantabriar gerren (K.a. 29 – K.a. 19) aurretik izango zela, ez baitzituzten hasiko gerra horiek beren bizkarra babestuta izan gabe. Bestalde, badakigu Ka. 30-27 urteen artean, Akitania hegoaldean azken matxinada zapaldu zuela erroamtar prokontsulak. Arkeologiak, hainbat gerra kanpamenduen santsuak aurkitu ditu, Ateabalsa Aurizperrin,[24] Karakate mendian, Ilunzarrekoa, Delikako Santa Agedan[25], Lahozen[26], Leaburuko Euletxara mendian[27] eta Andagosteko guduaren aztarnak, besteak beste, eta horrek eramaten ditu adituak pentsatzera, lurralde horiek ere gerren bidez gehitu zitzaizkiela Erromatar Inperiora. Den dela, ezer gutxi dakigu gai horri buruz. Badakigu, adibidez, Oiasson soladuak egon zirela.[28]
Ikerlari batzuentzat, Erromatarrek ez zuten izan Gipuzkoako lurralderako interes berezirik, Bizkaira, eta oro har, Euskal Herri menditsu eta hezera zabal daitekeen ikuspuntua akaso; ohikoa egin zuten: mea baliabideak ustiatu, armada soldaduz hornitu, tasak kobratu, eta komunikazio bideak lurrez nahiz itsasoz ziurtatu. Baina, hala ere, erromatarrek lurralde hau menpean hartu izanak funtsezko aldaketak ekarri zituen hainbat jenderen ohituretan, bereziki hiriko bizimodua nagusitu zen tokietan. Ezbairik gabe, hiriak izan ziren erromatar ereduak transmititzeko eragile nagusiak, haietan biltzen baitziren menperatzaileek ezarritako sare administratiboari zutik eusten zioten eginkizunak.[29]
Civitates erromatarrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oro har, hemen aztertzen ari garen eremuari ezin dakioke civitas kontzeptua aplikatu erromatarren etorreraren aurretik. Izan ere, uneren batean gehienbat zeltiberiarra izan zen Ebroko erdialdeko harana salbuespena da: Ptolomeok baskoitzat ematen dituen civitates batzuetan (Alaun, Ba(r)scunes (Iruñea?), Caiscata, Calagoricos, Iaca eta Segia) dirua egiteko etxeak zeuden, eta arkeologia aztarnategietan (La Hoya, Nafarroako Cortes eta beste gune zeltiberiar batzuetan) hirigintza hondakin garbiak azaldu dira. Horrek hiri garapenaz mintzatzea ahalbidetzen du, baina, oro har, Erromaren garaikoak dira politika eta hirigintzaren garapena.
Civitas hori (gune politiko-administratiboa, ez derrigorrez hiritartua, eta haren administraziopeko eskualdea) Erromako antolamendu politiko-administratiboaren oinarrizko elementua zen. Konkistatutako lurralde guztiak, are urrutienekoak edo atzeratuenak ere, modu horretara antolatu zituzten.
Baina civitas-en ezarrera ez zen berdina izan toki guztietan, ezta euskal lurraldean ere. Lehendik existitzen ziren biziguneetan, edo haien ondoan hiriak sortzea, konkistarekin batera gertatu zen prozesua da: Graccurris, K.a. II. mendean; Pompaelo, K.a. 70 inguruan eta, zenbait urte geroago Calagurris baskoi berria, zeltiberiarra zen Calagurris suntsituaren gainean eraikia. Prozesu hori, alabaina, behin lurralde guztiak kontrolatu ondoren egin eta konplitu zen, K. o. I. mendean eta Goi Inperioan, lurraldeen artean ageriko desberdintasunak baziren ere.
Pirinioetatik hurbileko Akitania aldea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Goian ikusi dugunez, antzinako autoreen arabera Akitaniako herriak ez ziren hedadura handikoak eta, hortaz, ez zuten civitas bat baino gehiago izaten. Zesarrek herriak aipatzen ditu, ez hiriak, Pliniok bezala, inolako estatus juridikoren aipamenik egin gabe, nahiz eta Augustok, Estrabonen berrien arabera, zuzenbide latinoa eman zien Akitaniako zenbait herriri. Horien artean, autore horrek zehazten duenez, ausci eta convenae deiturikoak ziren. Convenae horiek hiri bakarra zuten, koloniari dagokion estatutuaren jabe zena, Lugdunum Convenarum (Ptolomeok adierazi zuen eran). K.a. 22. urtea arte hiri hori hegoaldeko probintziaren (Narbonensis) barne zegoen eta, antza denez, Augustok emana zion hiritartasun eskubidea, berak sortutako Akitania probintzia berrian kokatu aurretik. Geroago, kolonia estatutua jaso zuen. Augustok emandako hiritartasuna ez zen orokorra, Neronek Itsasaldeko Alpeetan edo Vespasianok Hispanian egin zuen bezala, baizik eta herri jakin batzuei egindako emaitza (Estrabon).
Augustoren eta haren ondokoen garaietan fenomeno bikoitza gertatu zen: bertakoen independentziaren sinboloa ziren oppida haiek arian-arian alde batera utzi zituzten, harremanei eta trukei irekitako guneetan bizitzeko. Horrek hirien sorrera ekarri zuen, Hispanian gertatu zenaren antzera. Ptolomeok antzinako hiru hiriren berri ematen digu: tarbelli-en Aqua Augusta (Akize), estatutu juridiko ezezagunekoa, 34. bideko mansio zena; Augusta (Auch seguruenik), ausci-en hiria, zuzenbide latinoa Augustorengandik jaso zuena, eta Lugdunum colonia (Saint-Bertrand de Comminges), convenae-i zegokiena, Augustorengandik zuzenbide latinoa jaso zuena, eta kolonia estatutua geroago (Ptolomeok K. o. II. mendean aipatua).
Bideetako mansio zenbait ere (bidarientzako hiriak, seguruenik), tarbelli-enak ziren, hala nola Immus Pyrenaeus (Donazaharre), Iluro (Oloroe), Beneharnum, agian Plinioren benarni zirenak eta 400. urte inguruko Notitia Galliarumeko civitas Benarnesium, geroago jatorrizko izena (Lascurris, Leskarre) berreskuratu zuena, eta Zesarren zein Plinioren arabera bigerri-en hiria zen Turba (Tarbe), baita Lapurdum (Baiona) ere.
Kantauri Mendiez iparraldeko kostaldea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erromatarrek aztarna txikiagoa utzi dute Kantauriar aldeko lurralde menditsuetan eta Pirinioetan.
Itsasertzean kokatzen diren antzinako hirien artean, Pliniok eta Ptolomeok aipatutako Flaviobrigaz, gero Castro Urdialesekin identifikatu den hiriaz, goi estatutu juridikoa zuela besterik ez dakigu, koloniari zegokiona, eta Vespasianok eman zuela. Kostaldeko eremuaren zati handi baten gunea izango zen seguruenik. Bizkaian, oro har, aztarna oso gutxi agertu dira. Ibaizabaleko itsasadarrean erromatar txanpon batzuk agertu ziren, baina teoria gailenak dio itsasontziek Galiarako bidean Euskal Herriko kostaldea ekaitzetatik babesteko erabiltzen zutela. Foruan, Gernika ondoan, erromatar herrixka azaleratu dituzte indusketek.
Gainerakoak, agian, civitates peregrinae horietakoak ziren, baina ezin da haien artean zergaz libre zirenak (liberae) eta zergapekoak (stipendiariae) bereizi. Haietakoak dira: Olarso (baskoiak), Menosca, Morogi eta Vesperies (barduliarrak) mendebaldean, denak Pliniok aipatuak. K. o. II. mendean. Ptolomeok, ordea, Oeasso eta Menosca bakarrik hartzen ditu hiritzat (póleis grezieraz).
Olarso/Oeasso, oinarri arkeologikoak, baita berme linguistikoren bat ere, lagun ditugula orain, Irun dela esan daiteke aski ziur. Pliniok kostaldeko barduliarren oppida direlakoen artean kokatzen duen Menosca, Ptolomeorentzat barduliarrek itsasertzean duten bakarra da. Getariako San Salbador elizaren azpian sigillata eta erromatarren hilobiak aurkitu izana, eta Lapurdiko Getariarekin agertzen duen homofonia, beronetan gazitegiak eta erromatar inskripzioak agertu direlarik, argibide seguruak gerta daitezke identifikatu ahal izateko.Gainera, Getaria izena, latinezko cetaria ("ketaria" ahoskatua) hitzetik datorrela uste da; cetaria bat, arraiak prozesatzeko ekoizpen unitate bat zen[30].
Morogi eta Vesperies ez ditu aipatzen Ptolomeok. Ez dira azaltzen ahaztu dituelako, edo K. o. I. eta II. mendeen artean gertaturiko lurralde berrantolaketaren ondorioz? Harrigarria dirudi erromatarrek hain kostalde eremu zabaleko itsas merkataritza, Castro Urdialesetik Donostiarainokoa, hiru gune politiko-administratibo soiletan biltzea, hots, Flaviobriga kolonia eta Menosca eta Oeasso civitates direlakoetan, azken horiek elkarren hurbil eta Castro Urdialesetik urrun zirela. Azken urteotan Gernikako itsasadarrean (Forua eta inguruan) egindako lan arkeologikoek, agian, Vesperies civitas hori alde horretako gune erromatarrekin identifikatzeko aukera eman lezakete.
Gipuzkoako Oriako ibarrean, Irigaingo asentamendu txikia aurkitu da, baina oraingoz ez dago argi zer motakoa zen. Material solteen hainbat aurkikuntza egin izan dira, gertuko herrietara lotuta seguruenik, hala nola, Tolosako Intxaurmuintegi I haitzuloan agertu ziren Behe Inperioko Konstantzio II.a enperadorearen txanponak.
Saltus vasconum
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Baskoien lurraldeko iparraldean eta mendialdean civitas horren ezarpena txikiagoa zen, eta 34. bidearekin zerikusia zuen soilki. Iruñea-Leire-Irunberri lerrotik iparraldera aurkitzen zen mansio bakarra Iturissa zen, bide horretako mansio bat, Pompaeloren eta Summo Pyreneoren (Ibañeta gaina) artean. Egun egiten ari diren indusketek seguruenik Aurizberrirekin idenfikatzeko bide ematen dute[31], baskoien lurraldean diren erromatar hirietan iparraldekoena eta Pompaelo baino lehenagokoa izango ez dena. Bestela, Urkuluko dorrea garai honetako adibidea da Pirinioetan, Orbaizeta aldean.
Hegoaldeko eremua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zalantzarik gabe, civitasen ezarpen handieneko eremua da, oinarrizko bi adarren inguruan antolatua: 34. bidea, Arabako Lautadan, Nafarroako sartaldean eta Ebroko erdialdeko haranean zehar zihoana, eta Italiako bidea, Mediolano-tik (Milan) Legio-rakoa (Leon), baskoien lurraldeko hegoaldeari zegokiona.
Bertan bi eremu bereiz daitezke: Arabako lurraldea, Nafarroako erdialdea eta Cinco Villas, non segurtasunez ezin ematen ahal diogun civitates horietako ezeini udal estatutua, eta Ebroko erdialdeko harana, non hiri kopuru esanguratsua biltzen zen. Haietako hiruk, gainera, udal maila zutela erromatar inperioaren aurreneko garaietatik.
Arabako lurraldea, Nafarroako erdialdea eta Aragoiko Cinco Villas
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen azpieremuan, agian goi mailako estatutu juridikoa izango zuten civitates hiriak hauek dira: Veleia (Iruña Okako erromatar oppiduma), Andelos (Muruzabal Andion), Pompaelo (Pamplona, Iruñea) eta Tarrega (Los Bañales, Uncastillo[32]).
Agian aukerarik garbiena Pompaelori dagokio, K.a. II.-K.a. I. mendean jadanik garrantzitsua baitzen, eta eremu horretan zilarrezko dirua egiten zuten etxeak (Ba[r]scunes, Bengoda eta Bentiam) aurkitzen ziren. Haien hondakin arkeologikoek, idazkunek eta Maria Angeles Mezkiritzek proposaturiko zenturiazioak flaviotarren (K.o. I. mendearen amaiera - II. mendea) ondoko goi estatutu juridikoaren bideragarritasuna erakusten dute.
Andelosko hiria stipendiaria zen, hots, zergapekoa, Plinioren arabera. Muruzabal Andioneko erromatar aztarnategiarekin identifikatu da. Bertan Trajano edo Hadrianoren garaiko urtegi eder baten hondakinak aurkitu dira. Halaber, idazkun batzuk ere agertu dira, haien artean nabarmentzekoa den brontzezko taula bat, bi edilek (kale, eraikuntza publiko, merkatu eta ikuskariak zaintzeko ardura zuten magistratuek) Apolo jainkoari egiten dioten eskaintzarekin, Augusteo deitzen diotela, enperadorearen gurtzarekin zerikusia duena beraz. Halako magistratuak bertan izanik, zuzenbide latinoko udalerria zela pentsatu dute zenbait autorek, Vespasianok K. o. 73-74an Hispania guztira zuzenbide latinoa zabaldu ondokoa.
Veleia (Iruña-Trespondeko oppiduma), Pliniok, Ptolomeok, Antoninoren Ibilbideak eta Ravenatek aipatzen dute. Garrantzi estrategiko eta aberastasun arkeologiko ohargarriaren jabe bada ere, nabarmentzekoa da oppidumetik at aurkitzen den antzokia, eta aurkitzekoa dena seguruenik asko bada ere, halako eran non civitates batzuen hiriburu gunea dela pentsa dezakegun, ez dago inolako daturik civitas honentzat estatutu juridiko pribilegiozkoa iradokitzen duenik.
Badakigu, Plinioren bidez, Tarrega hiria foederata zela, hau da, hitzarmena zuela Erromarekin eta ez ziola zerga ordaindu behar, nahiz ez dakigun horretarako arrazoia zein zen. Ibilbideetarainoko tartea eta aberastasun arkeologikoak (tenplua, termak eta foroa, eta Atilioen Mausoleoa) direla eta, Los Bañalesko (Uncastillo, Sadaba ondoan, Zaragozako probintzia) monumentu aldearekin identifikatu da.
Baina multzo horretan batez ere civitates peregrinae (liberae edo stipendiariae) zeuden, erromatarren aginpidea gauzatzen zen oinarrizko administrazio zelulak. Horrek ez dakar berarekin, derrigorrez, salbuespenak badira ere, hirien garapena, garapen hori ez baita ezinbestekoa funtzio politiko-administratiboak betetzeko.
Autrigoi, karistiar eta barduliarren eremuko hegoaldean (Araban), maila horretako civitates hauek aurkitzen dira: Deobriga (Ebroko igarobidean, 34. bidean, Larrate edo Artze); Tullica, Ptolomeok jaso zuena eta gaurko Tuyorekin identifikatu dena, egungo eta antzinako toponimoen homofonia oinarri bakarra direla identifikazio horretarako; Gebala, Ptolomeok aipatua eta Gebararekin identifikatua, bi toponimoen homofoniagatik eta bertan erromatarren aurrekoa ere baden aztarnategia dagoelako; Gabalaeca, Ptolomeok aipaturiko antzinako hiriaren izenaren eta egungo Galarreta toponimoaren homofonia dela eta, identifikatu egin dira hartarako zehaztasun arkeologikorik ez bada ere; Tullonium, polis Ptolomeorentzat eta 34. bideko mansioa, Arabako Dulantzi herrian kokatua, arkeologiari, epigrafiari eta toponimoen homofoniari (Tullonium-Dulantzi) dagozkien arrazoiengatik; Alba, civitas Plinio eta Ptolomeorentzat eta 34. bideko mansio-a, lehen baskoi eremukoa, Albeirumendi aldean kokatu da bertan aurkitu epigrafe multzoagatik eta arkeologiazko ondorioengatik (termak, terra sigillata hispanica asko, etab.), Durruman; Segontia Paramica (Ptolomeo II., 6, 65) Arabako sortaldean, kokalekurako Kontrasta eta Okariz artean duda egiten dela, Segontius antroponimoa duten idazkunen multzo handirekin; Tritium Tuboricum, egungo Mutrikurekin identifikatua, toponimo bien antzagatik, Ptolomeok ematen duen barnealdeko finkalekua gorabehera eta erromatar garaiko hondakin arkeologikorik ez badu ere; Tabuca, Ptolomeok berak barnealdean kokatua, eta Tobera edo Tolosarekin identifikatu dena.
Seguruenik, estatutu berekoak izango ziren Vxama Barca (Gaubeako Osma, bertakoen eta erromatarren kokaleku bikoitza zuena), eta Suessatium (Kutzemendiko herri gotortua, Olarizun, eta Otazibarrako erromatar aztarnategia, Arkaian, Araba). Bi civitas horietako pertsonei dagozkien idazkunak badira ere, historialariren batek pentsatu du kontuan hartzeko elementua dela, ezaugarri horiez hornituriko hiri bati udalerriaren estatutua emateko Goi Inperioaren garaian (nahiz eta gehienak iritzi horretakoak ez diren).
Baskoien eremuko civitates peregrinae direlakoen artean, bi talde bereiz daitezke: Pliniorentzat zergapekoak direnak batetik eta bestetik Ptolomeok bakarrik jaso dituenak eta, horregatik, zailak direnak kokapena eta estatutu juridikoa ezagutzeko. Lehenengoen artean, lehen aipaturiko Andelos eta Pompaelo horiez gainera, hauek daude: Plinioren aracellitani direlakoak, antza denez, Hidazioren Kronikako bagaudae aracellitani berak, Aracielgoak (Corella); Iaca, egungo Jaca, Ptolomeok ere aipatua eta Ravenako Anonimoan mansio gisa azaltzen dena (K. o. I. eta III. mende bitarteko erromatar aztarna asko dauzka), eta Iluberri, Irunberrirekin identifikatua.
Ebroko erdialdeko harana
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bigarrenen artean hauek daude: Bituris, Bidaurretarekin identifikatua, Iruñeko hego-mendebalera; Curnonium (Hoya de Coranaba, Urantziatik hurbil, Barranco de Cornaba, Vianan, edo Erdi Aroko Cornoino, Mendaviako iparraldean); Ergavica, kokapen zailenekoa agian, Erguti Ravenako Anonimoko mansioarekin erlazionatu da, eta Nemanturissa, Jaca inguruko lekunetan kokatua.
Ebrotik hurbilagoko baskoien eremuan, biztanleriaz ongi horniturik, estatutu juridiko gorena duten guneak aurkitzen dira:
- Graccurrisek (Alfaro), zuzenbide latino zaharrekoa zelarik Plinioren obran, municip. Gracurris hitzez hornituriko dirua egin zuen, baina Tiberiorekin bakarrik, seguru aski berak udal izendatuko zuelarik.
- Cascantum (Cascante). K.a. II. mendearen erdian diru indigena[33] egin zuen. Pliniok zuzenbide latino zaharrekotzat hartzen ditu bertako biztanleak. Tiberioren garaikoak diren eta municip. Cascantum hitzak daramatzan as eta semis txanpon sailek berresten dute udal estatutu hori. Goiz eta sakonki erromatartu zen Tutera aldeko Erriberako administrazio eta merkataritza trukerako gunea zen.
- Calagurris (Calahorra). Arkeologia hondakinek (akueduktua, gurtza ofizialeko tenplua, etab.), idatzizko iturrien datuek eta idazkunek hiriaren garrantziaz ohartarazten digute. Zesarrek onartu zuen bertako bezeria eta Octaviok bertakoek osaturiko gudari zaintzaileen talde bat izan zuen eta udal mailako hiritartasuna eman zion. Augusto eta Tiberioren garaiko txanponengatik bertako 28 duunvir eta 4 edil ezagutzen ditugu.
Ibaitik hurbilen aurkitzen diren gainerako hiriak hauek dira:
- Muskaria, Ptolomeok bakarrik aipatua eta hiru kokalekurekin identifikatu dena: Mosquera izeneko eraikuntzarik gabeko gunea, Tuteraren eta Fontellasen artean, Graccurrisetik aski mendebaldera dagoen eremu bat eta Ejea de los Caballerosetik ipar-mendebaldeko beste bat, hiri horren eta Santacararen artean.
- Cara, zergapeko populus bat Pliniorentzat eta mansio bat Ravenako Anonimoan. Jatorria adierazten duen bertako idazki bat ezagutzen dugu, Vxama Barca eta Suessatium-en ikusi dugun bezala. Bertako barrutian dauden miliario batzuek eta beste zenbait hondakinek egungo Santacararekin identifikarazi dute.
- Segia (Ejea de los Caballeros), K.a. I. mendetik ezaguna, Turma Salluitanako zaldunen artean Ponpeio Estrabon jeneralarengandik hiritartasuna hartu zuten 9 gudari bertakoak zirelako. Dirua egin zuen K.a. II. mendetik I. mendearen erdia arte. Pliniok eta Ptolomeok aipatzen dute eta Ravenako Anonimoan agertzen da.
- Alabona (Alagón), Ptolomeok eta Antoninoren Ibilbideak aipatua, K.a. 87. urteko dokumentu epigrafiko baten bidez ezaguna da. Antza denez, K.a. I. mendearen hasieran nolabaiteko garrantzia izan zuen, baina gero, arian-arian, beherantz joan zen, Caesaraugusta Ebroko erdialdeko hiriburu bihurtzen zen bitartean.
Parte-hartzea erromatar armadan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sakontzeko, irakurri: «Euskaldunak erromatar armadan»
Badirudi lehen kontaktuen ondorioz, euskal gizonek mertzenario gisa parte hartu zutela erromatarren gerletan. Horren ondorio dira, besteak beste, penintsulako hiri batzuek egin zituzten txanponak. Geroago, konkista ondoren, euskaldunak erromatar armadan sartu ziren, legioetan hiritarrak zirenak, edo tropa laguntzaileetan (Auxilia), erromatar hiritartasunik ez bazuten.
Komunikazioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erromatarren galtzadek helburu ekonomikoa eta militarra zuten. Alde batetik, militarren joan-etorria errazten zuten eta pax romana ziurtatzen zuten. Bestetik, ustiapen ekonomikoaren azpiegiturako elementu garrantzitsua ziren.
Garai hartako euskal lurraldeak zeharkatzen zituen bide garrantzitsuena, Ab Asturica Burdigalam galtzada zen, Asturiscatik (Astorgatik) Burdigalara (Bordelera) joaten zena. Briviesca eta Deobrigatik (Miranda Ebro), bide horrek Pirinioak gurutzatzen zituen Ibañetatik barrena, Bordelera iristeko Aquae Tarbelicaetik (Akizetik) igaro ondoren. Lotune nagusi hauek ziren: Tullonium (Dulantzi), Arakil eta Iruñea. Baziren bigarren mailako bideak, Iruñetik ateratzen zirenak iparraldera, Oiassora (Oiartzunera) eta hegoaldera, Caesaraugusta-rantz (Zaragozarantz)[34]. Bigarren mailako beste bideek hiri ezberdinak eta Kantauriko kostaldeko portuak konektatzen zituztela uzte da. Iparraldetik, Ab Asturica Burdigalam galtzada Via Aquitania-rekin (Akitania zeharkatuz Burdigala eta Narbo lotzen zituena) konektatzen zuen eta horrela Narbona eta Mediterranoarekin komunikazioa lortzen zen. Hegoalderago, Aquae Tarbelicaetik (Akizetik), beste galtzada batek Tolosaraino eramaten zuen bidaiaria, han, Via Aquitania-rekin lotzeko. Lapurdumetik (Baiona) Burdigalaraino bide bat eraiki zen kostaldearekiko paraleloa, baina hegoaldetik, Baioanatik, Foruaraino identifikatu den bide garrantzitsu bakarra, barrualdeko hiriekin konektatzeko, Oiasso eta Iruñea lotzen zituen eta gorago aipatu den bigarren mailako galtzada da[35].
Itsasbazterreko nabigatzeko lerro bat lehenetsi zen, ziur aski, Atlantikoko kostaldearen mendebalde osoa lotzen zuen kabotajearen trazadurari jarraitzen ziona. Itsasoko bide horretan, Bidasoaren bokalean zegoen Oiasso punturik aipagarrienetakoa izango zen[36].
Bagaudak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bagaudak II. mendetik V. mendera jauntxo handien eta Erromatar inperioaren aurka altxatu ziren Galia eta Hispaniako probintzia erromatarretako nekazari-taldeak zien. Bagauden matxinada nagusia V. mendearen lehen partean izan zen, Euskal Herriko lurraldeetan.
Latifundisten gehiegikerien eta agintari erromatarrek ezarritako zergak ordaintzearen aurka asaldatu ziren nekazariak, baina ez zuten arrakastarik izan eta altxamendu bakoitzean zapaldu egin zituzten. Baskoien lurraldeetan gertatu ziren bereziki bagauden altxamenduak: Pirinioen bi aldeetako Euskal Herrian urte askotan iraun zuen matxinadak, 269. urtean hasi eta 285ean Diokleziano enperadoreak amaiera eman zion arte. Bagauden matxinada nagusia V. mendearen lehen partean izan zen, Euskal Herriko lurraldeetan (iparraldean nahiz hegoaldean). Erromatar inperioa gainbehera zetorren aipatu mendean eta bisigodoen presioa gogortuz; aldi berean egonezin soziala areagotu egin zen; euskaldunak beren askatasunaren alde borrokatu ziren. Asterio jeneral erromatarraren aurka 441ean borrokatu ondoren, 443an Merobaudesen tropa erromatarren aurka galdu zuten bagaudek Aracaelin (gaur egungo Uharte Arakil). Ondoko urteetan militar erromatar (Basilio jenerala) nahiz bisigodoekin (Teodoriko II.aren tropekin) borrokan jarraitu behar izan zuten, 456 arte.[37]
Erromatar aztarnak euskaran
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hiztegian, latinetik etorritako hitz asko geratu dira, batzuetan erromatar garaian dute jatorria eta beste batzuetan Erdi Aroan, elizar katolikoaren eraginez; beti ez da erreza bi gariak bereiztea:[38]
- Abatem > Abade.
- Adventum > Abendu.
- Altarem > Aldare.
- Ancoram > Aingura.
- Augurium > Agur.
- Castellum > Gaztelu.
- Causam > Gauza.
- Cellam > Gela.
- Corpus > Gorputz.
- Crucem > Gurutze.
- Culter > Golde.
- Ecclesia > Eliza.
- Fagus > Pago.
- Getaria > Cetaria (arraina prozesatzeko faktoria)
- Oligum > Olio.
- Pacem > Bake.
- Tempora > Denbora.
- Torculare > Tolare.
Kronologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- K.a. 220/K.a. 203 inguruan.: Euskaldun eiteko munduaren eta erromatarren arteko lehen harremanak, agian Hanibalek Italiar penintsulan burutu zituen guda ekintzak zirela bide.
- K.a. 202/K.a. 170: Erromak Ebro aldea konkistatu zuen. Katon Maiorrek iacetani herria menderatu zuen (K.a. 194). Manlius Acidinusek zeltiberiarrak garaitzen ditu Calagurris (Calahorra) ondoan (K.a. 188/K.a. 187). Tiberius Sempronius Gracchusek menderatu zituen azkenean eta, garaipen ezaupidetzat, Graccurris (Alfaro) sortu zuen (K.a. 178).
- K.a. 151 i.: Claudius Marcellusen egintza baketzailea Zeltiberian. Lucullus, haren ondorengoak Vaccaei eta kantauriarrak eta Hispaniako beste jende ezezagunak garaitu zituen.
- K.a. 118 i.: Arverni herriaren nagusitasuna hautsirik, Domitius Ahenobarbusek Couserans eta Comminges aldeko Volcae Tectosages herria menderatu zuen. Lectorates direlakoak Erromarekin elkartu ziren.
- K.a. 81/K.a. 72: Eskualde hau Sertorioren gerran nahasten da. Pompaelo (Iruñea) sortzen da (K.a. 75/K.a. 74 i.). Akitaniarrek Preconinus eta Lucius Manliusen senatu tropei erasotu zieten, eskualde hau zeharkatzen ari zirelarik. Calagurris errenditu zen ([K.a. 72). Lugdunum Convenarum (Saint-Bertrand-de-Comminges) sortzen da (K.a. 72 i.).
- K.a. 56/K.a. 55: Publius Licinius Crassusek Akitania konkistatu zuen.
- K.a. 49 i.: Eskualdea Zesarren eta Pompeioren arteko borrokan nahasi zen.
- K.a. 39/K.a. 38: Marko Agripa Akitania aldean sartu zen.
- K.a. 38/K.a. 15 i.: Kantabriar Gerrak, tartean, Andagosteko gudua.
- K.a. 30 i.: M. Valerio Mesalla Corvinok berriro esku hartu behar izan zuen Akitania aldean. Herri parea sortu zuten Pirinioetako mendate biren oinetan: Imus Pyrenaeus (Donazaharre) Ibañeta aldean eta Beneharnum (Leskarre) Somport aldean. Kantabriako gerrekin erlazionaturik agian.
- K.a. 28-27 M. Valerius Messalla Corvinusi, Akitaniako prokontsulari, triunphum baten ohorea ematen diote Akitaniarren matxinada zapaltzeagatik.[39]
- K.a. 27: Augustok administrazioa berritik antolatu zuen: antzinako Akitania etnografikoa Loiratik Pirinioetaraino hartzen duen Akitania berri handiaren barne geratu zen, akitaniarrak eta galiarrak nahastuz. Iberiako alderdia, Tarraconensis probintziaren barnean.
- K.a. 14: Augusto hiltzean, Calagurris zuzenbide erromatarraren mende zegoen. Lugdunum Convenarum (Saint-Bertrand-de-Comminges) eta Augusta Auscorum (Auch), Akitania aldean, eta Cascantum (Cascante) eta Graccurris (Alfaro), Iberiar penintsulan, zuzenbide latinoaren mende.
- I. mendea/180 i.: Jarduera handieneko aldia mea ustialekuei dagokienez: Arditurri, Banka, Lantz, e.a. Zeramikagintzaren aldi gorena Errioxan eta Nafarroan.
- 35/100 i.: Kintiliano, erretoriko ospetsua, Calagurrisen jaioa.
- 69/74: Colonia Flaviobrigaren (Castro Urdiales) sorrera.
- 74: Vespasianok zuzenbide latinoa eman zien hispaniarrei.
- 74/119: Pompaelok zuzenbide latinoa beretu zuen.
- 100/130: Lugdunum Convenarumek kolonia titulua beretu zuen.
- 212: Karakalak erromatar hiritartasuna eman zien inperioko mendeko pertsona libre guztiei.
- II. mende/III. mende i.: Novempopulania izeneko probintzia sortu zuten, antzinako Akitania etnografikoan oinarriturik.
- 222/234 i.: Elusak (egungo Eauze) kolonia titulua lortu zuen.
- 275 i.: Alamanen inbasioa?
- 280/IV. mende i.: Hiri eta gune estrategikoak harresiz hornitu ziren. Antzinateko hiriaren krisiaren aztarnak.
- III. mende/IV. mende i.: Nekazaritzaren aldi bikaina. Nekazaritzaz eta autarkian bizitzeko joera.
- 303/305 (?): Zeledonio eta Emeterio martirien heriotza Calagurrisen.
- 309/390: Ausonio, Burdigalan (Bordele) sorturiko olerkaria, landestar jatorrikoa.
- 314: Arlesko sinodoa, Elusako (Eauze) elizak parte hartu zuen bertan.
- IV. mende/V. mende: Kristau elizaren gero eta ezarpen handiagoa Ebro aldean eta Novempopulaniako ordokian.
- IV. mendearen amaieran: Eskualdeko antolaketa estrategikoa sendoturik. Gudari taldeak Lapurdumen (Baiona) eta Veleian (Iruña-Oka).
- 348/405 i.: Aurelius Prudentius, Calagurriseko olerkaria.
- 407/409: Sueboak, Alanoak eta Vandaloak, denbora batez Novempopulanian zehar ibili ondoren, Hispanian sartu ziren (409ko urria).
- 411: Barbaroak Inperioaren federatu gisa finkatu ziren Hispaniako zenbait probintziatan. Tarraconensis probintziak inperioaren administrazioaren mende jarraitu zuen.
- 415: Bazasen (Novempopulania) esklaboak eta gizon gazte libreak nobleziako oligarkiaren aurka altxatu ziren, oppidum hura godo eta alanoak setiatzen ari zirelarik.
- 418: Godoak Akitania II.ean eta Novempopulaniako mugetako civitates-etan finkatu ziren, federatu inperial gisa.
- 436 i.: Godoen nagusitasuna Novempopulania osora hedatu zen.
- 441/443: Bagauden ekintzak Ebroko erdi eta goi ibarretan.
- 449: Rekiario errege sueboak lapurretak egin zituen Euskal Herrian Tolosarako bidean eta itzultzerakoan, bagaudekin bat eginik, ebasketari ekin zion Zaragoza aldean eta Lleida haiekin batera hartu zuen.
- 454: Fredericus federatu inperialak Tarraconensiseko bagauden aurka jo zuen.
- 455/465 i.: Silvano Calahorrako apezpikuaren auzia.
- 472: Euriko errege godoak Tarraconensis bere mende hartu zuen, Iruñetik eta Zaragozatik sartuz.
- 476: Mendebaldeko Inperioaren amaiera.
- 506: Agdeko sinodoa, Novempopulaniako hamabi elizen partaidetzarekin.
- 507: Vouilléko gudua eta Tolosako erresumaren amaiera.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2013/02/02 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ «Erromatarren eskutik, historian sartu ginen euskaldunak - Urumea» Kronika.eus (Noiz kontsultatua: 2023-11-19).
- ↑ O. GAMBOA, M. RUIZ. "Euskaldunen irudia Antzinaro eta Erdi Aroko testu historiko eta literarioetan". Kondaira 5.
- ↑ «Caesar: Bellum Gallicum I» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2023-09-10).
- ↑ Larrañaga Elorza, Koldo. (1988). Euskal Herria antzinatean: materiale eta agiriak.. Donostia: Bergarako UNED, Kriseilu, 231 or. ISBN 8477281041..
- ↑ (Gaztelaniaz) Núñez Astrain, Luis. (2003). El euskera arcaico. Extensión y parentescos. Iruñea: Txalaparta, 390 or. ISBN 978-84-81363-00-5..
- ↑ Kondaira. (Noiz kontsultatua: 2017-11-21).
- ↑ Berria.eus. «Baskoniako ipuin bat» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-07-13).
- ↑ (Ingelesez) «e-Keltoi: Volume 6, The Celts in Iberia: An Overview, by Lorrio and Ruiz Zapatero» www4.uwm.edu (Noiz kontsultatua: 2018-07-12).
- ↑ (Gaztelaniaz) SL, DiCom Medios. «Gran Enciclopedia Aragonesa Online» Enciclopedia Aragonesa (Noiz kontsultatua: 2018-07-12).
- ↑ a b c «Euskararen muga historikoak [Sareko Euskal Gramatika»] www.ehu.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-13).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Juan A. Santos Velasco, A. Emborujo, E. Ortiz de Urbina. (2023-01-23). «Reconstrucción paleogeográfica de autrigones, caristios y várdulos» Complutum, 2, 449. or. (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 1992).
- ↑ (Gaztelaniaz) Villar, Francisco. (2011). Lenguas, genes y culturas en la prehistoria de Europa y Asia suroccidental. Ediciones Universidad de Salamanca ISBN 9788478001354. (Noiz kontsultatua: 2018-07-12).
- ↑ (Gaztelaniaz) Urteaga Artigas, M. Mercedes. «El puerto romano de Irun (Gipuzkoa)» Centro de estudios e investigaciones histórico-arqueológicas Arkeolan: 87-104. (Noiz kontsultatua: 2018-07-12).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Localización de algunas ciudades várdulas citadas por Mela y Ptolomeo» www.eusko-ikaskuntza.org (Noiz kontsultatua: 2018-07-12).
- ↑ (Gaztelaniaz) Gorbea, Martín Almagro. (2005). «Etnogénesis del País Vasco: de los antiguos mitos a la investigación actual» Munibe Antropologia - Arkeologia (57) ISSN 1132-2217. (Noiz kontsultatua: 2018-07-12).
- ↑ (Gaztelaniaz) Julio, Caro Baroja. (2003). Los pueblos de España. Alianza Editorial ISBN 8420699500. PMC 57759313. (Noiz kontsultatua: 2018-07-12).
- ↑ Nationalism, politics, and the practice of archaeology. Cambridge University Press 1995 ISBN 0521480655. PMC 32012913. (Noiz kontsultatua: 2018-07-13).
- ↑ (Ingelesez) Alvarez-Sanchis, Jesus R.. (2000-02). «The Iron Age in Western Spain (800 BC-AD 50): An Overview» Oxford Journal of Archaeology 19 (1): 65-89. doi: . ISSN 0262-5253. (Noiz kontsultatua: 2018-07-13).
- ↑ (Ingelesez) Bertranpetit, J.; Cavalli-Sforza, L. L.. (1991-01). «A genetic reconstruction of the history of the population of the Iberian Peninsula» Annals of Human Genetics 55 (1): 51–67. doi: . ISSN 0003-4800. (Noiz kontsultatua: 2018-07-13).
- ↑ (Gaztelaniaz) 1939-, Nuñez Astrain, Luis,. (2004). El euskera arcaico : extensión y parentescos. (2. ed. argitaraldia) Txalaparta ISBN 8481363006. PMC 54773940. (Noiz kontsultatua: 2018-07-12).
- ↑ (Gaztelaniaz) SL, DiCom Medios. «Gran Enciclopedia Aragonesa Online» www.enciclopedia-aragonesa.com (Noiz kontsultatua: 2018-07-13).
- ↑ «Ribagorza» Lur Entziklopedia 2011-07-18 (Noiz kontsultatua: 2018-07-13).
- ↑ (Gaztelaniaz) Suárez, F.. (2017). «Tesorillo de Barcus.» Denarios Ibéricos (Noiz kontsultatua: 2023-02-14).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Presencia militar romana en el Pirineo vascón» Megalitos Pirenaicos 2024-08-16 (Noiz kontsultatua: 2024-10-22).
- ↑ Martínez Velasco, Antxoka. (2010). «Santa Ageda (Delika). Miaketa magnetikoen III. kanpaina» Arkeoikuska. Arkeologi Ikerketa (Gasteiz: Arabako Foru Aldundia) 09.
- ↑ Martínez Velasco, Antxoka. (2010). «El campamento romano de Castrillo, en Lahoz (Valderejo, Araba). Avance a su estudio» Nivel cero: revista del grupo arqueológico Attica (12): 89–96. ISSN 1134-0320. (Noiz kontsultatua: 2023-11-19).
- ↑ Ceberio, Manu; Quevedo, Izaro. (2021). «Euletxarako gotorlekua (Leaburu). IV. kanpaina» Aranzadiana (Donostia) 142: 153-154. ISSN - 2292 1132 - 2292..
- ↑ (Gaztelaniaz) MORONDO, IÑIGO. (2016-03-20). «La dualidad del antiguo Oiasso» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2024-10-22).
- ↑ «Bertan 17 - Erromatar garaia: 4. kapituloa: Aldaketak» bertan.gipuzkoakultura.net (Noiz kontsultatua: 2024-10-22).
- ↑ (Ingelesez) Berdowski, Piotr. (2013). «In search of the lexical meaning of the Latin terms cetarius and cetaria» Glotta 89: 47–61. ISSN 0017-1298. (Noiz kontsultatua: 2023-03-21).
- ↑ Alberto Barandiaran: Iturissa, Aurizberrin?[Betiko hautsitako esteka] Paperekoa.berria.info
- ↑ Javier Cabello, Miguel Angel Zapater: Cinco Villas: de la Prehistoria a la Edad Media[Betiko hautsitako esteka] Aragon.es
- ↑ Ikusi, Baskoien txanponak
- ↑ «Erromanizazioa Euskal Herrian - hiru» www.hiru.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-11).
- ↑ Ikusi Gothenburgeko unibertsitateko Digital Atlas of the Roman Empire (DARE) (Erromatar Inperioaren Atlasa)
- ↑ «VITORIA-GASTEIZ. | ROMA EN GIPUZKOA.» www.vitoria-gasteiz.org.es (Noiz kontsultatua: 2023-03-11).
- ↑ «bagauda», Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa.
- ↑ "Euskara Jendea: Erromako Inperioan".
- ↑ (Ingelesez) «Marcus Valerius Messalla Corvinus | Roman statesman, orator, poet, patron of literature | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2024-10-22).
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Geogr. III, 3, 7, 8.[2]
- ↑ Altxorra edo altxortxoa, aurkitzen den txanpon historikoen talde bat izendatzeko erabiltzen da.
Bibliografia osagarria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Erromatar garaiko galtzarak Aintzin Aroan. Jardunaldiak 2013. 2013- VIII-19/21 Auritz-Burguete (Nafarroa). ISBN: 978-84-945560-5-0.
- (Gaztelaniaz) Esteban, Milagros. 1990. El País Vasco Atlántico en época romana. Donostia. Deustuko Unibertsitatea. Cuadernos Universitarios. Departamento de Historia, 6. 403-425. or.
- Urteaga, Mertxe eta Otero Muerza, Xabi: Erromatar garaia Bertan, 17.
- Urteaga, Mertxe eta Arce, Javier (2011): Erromatar arkeologia Gipuzkoan. Arkeologia 0.4. Girpuzkoako Foru Aldundia.
- Ortiz de Urbina, Carlos; Martinez Montecelo, Angel; Lopez Arberas, Beatriz (2023). Iruña Veleia - Gida arkeologikoa. Arabako Foru Aldundia., Kultura eta Kirol siala; Museo eta Arkeologia zerbitzua. ISBN:978-84-1269-858-9
- Martín Hernández, Batirtze. (2014-2015). Gatazken ondorioak erromatar garaian. II-I. K.a.. Euskal Herriko Unibertsitatea.
- (Gaztelaniaz) Martínez Salcedo, Ana. (2004). Erromatarren garaiko zeramika arrunta Euskal Herrian sukaldeko, mahaiko eta biltegiko baxera, Aloria (Araba), Forua (Bizkaia) eta Iruña/"Veleia" (Araba) aztarnategietan aurkitua. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia ISBN 9788445722343..
- (Alemanez) Timo, Klär. (2017). Die Vasconen und das Römische Reich : der Romanisierungsprozess im Norden der Iberischen Halbinsel. Stuttgart: Franz Steiner.
- (Gaztelaniaz) Santos Yanguas, Juan. (1989). El solar vascón en la antigüedad : cuestiones de lengua, arqueología, epigrafía e historia : VII cursos de verano en San Sebastián. Leioa: Euskal Herriko Unibertsitatea ISBN 9788475852027..
- (Gaztelaniaz) Santos Yanguas, Juan. (1985). Comunidades indigenas y administración romana en el noroeste hispánico. bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea ISBN 9788475850191..
- (Gaztelaniaz) Mendizabal Sandonís, Oihane. (2023-07-27). La conformación del paisaje romano en un territorio del Pirineo occidental: el paso de Ibañeta y la cuenca del Urrobi ( I a.C.-V d.C.). Euskal Herriko Unibertsitatea.
- (Ingelesez)Alonso-Olazabal, Ainhoa eta alii (2018-12-11) "Archaeometry of Roman Aquitania-Tarraconensis coarse ware pottery from the northern Iberian Peninsula and southern Aquitania. Antiquity", Volume 92, Issue 366. DOI: https://doi.org/10.15184/aqy.2018.250.
- (Gaztelaniaz)"Presencia militar romana en el Pirineo vascon". Megalitos Pirenaicos. Arqueología y megalitismo en el Pirineo Occidental
- (Gaztelaniaz)Urteaga, Mertxe (2008) "Saltus, ¿Concepto geográfico, administrativo o económico?". in: XXVII Uda ikastaroak Euskal Herriko Unibertsitatea Irun, 2008ko uztailak 23 eta 24. Boletín Arkeolan, 15.
- (Gaztelaniaz)Torregaray Pagola, Elena(2008) "Vascones en la Antigüedad: entre la historia y el mito". In: XXVII Uda ikastaroak Euskal Herriko Unibertsitatea Irun, 2008ko uztailak 23 eta 24. Boletín Arkeolan, 15.
- (Frantsesez)Brèthes, Jean-Pierre (2012) "Et l’Aquitaine devint romaine". Langues et cultures régionales de France : Béarn et Gascogne (I) 29-45 or. DOI:https://doi.org/10.4000/ml.285
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Euskal Herriko ekonomia erromatar garaian
- Antzinako Erroma
- Herri barbaroen inbasioak Euskal Herrian
- Antzinaro Berantiarra Euskal Herrian
- Euskal Herriko hizkuntzak Antzinaroan
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Erromatarrak Euskal Herrian Puntubi gunean.
- Iruña-Veleia Arabako Foru Aldundiaren gune ofiziala azternategiari buruz.
- Erromanizazioa Euskal Herrian. Amarauna.